2009-06-06

Youtubera bideoak sartzeko tutoriala



Slideshare-ra tutorial hau igo dut, zuetako inork inoiz bideoren bat igo nahi badu, espero dut baliagarria izatea.

2009-05-29

Aizarnazabalgo festetan, bertso-antzerkia

Azken bi urte hauetan, herriko festei hasiera emateko, adiskide bertso eskolak bertso-antzerki ederrak prestatu ditu herriarentzat, bietan aho zabalik utzi gaituzte.
Adiskide bertso eskolako kidea den Mikel Aiertza "Mieltxo", bertsolari aizarnazabaldarra, izan zen honen guzti honen errudun nagusia, berak idatzi baitzituen gidoiak. Mikel deunaren festez gain, duela 6 bat urte beste antzerki bat prestatu zuen, bertso eskolakoek herriaren aurrean antzestu eta sekulako arrakasta edukitzean, Zarauzko, Zumaiako eta Zestoako udaletan ere antzestu behar izan zuten.
Bideo honetan, lehenengo urtean eginiko bertso-antzerkiko zatitxo bat ikus dezakezue.
Gozatu ezazue! Herritarrok, aurtengo festetan berriz ere antzerkiaz gozatzea espero dugu.

2009-05-25

Teknologia berriak gaur egungo gizartean


















Teknologia berriek egunetik egunera indar handiago dute, beraz, gaur egungo gizarte honetan zaila da bizirautea errekurtso hauei erreparatu gabe. Teknologia berriak erabiltzen jakin ezean, gizarte modernoko "analfabetoak" izango ginateke. Guztion ardura da eguneratuak egotea, niri dagokidanez, behar beharrezkoa zait hau guzti hau kontutan izatea, bestela, kide batzuk gure artean esaten dugun bezala: "berziklatu hadi edo bertan hil".

2009-05-22

AHT gelditu!



Hona hemen slideshare-ra igo dudan power-point bat. Musikako irakasle izango garenok jakinaren gainean egon behar dugu bizi kalitaterik ez dela kutsadura akustikoa badago. Arrazoi gehiago badira ordea, ez da bat eta bakarra. Kutsadura akustikoaz gain, ingurunean eragingo dituen kalteak eta kutsadura ere aipatzekoak dira. Nola edukiko dugu bizi kalitate on bat, jendea entzungor edo sekulako arazoak izango baditu? Non dago beraien klima aldatzeko protokoloa? Ze protokologo eta ze protokolo ondo! Diruak guztia soluzionatzen du, jan ere hau berau jango dugu bihar, edo hormigoia bera agian. Utzi beraien eskuetan guztia, profesionalak dira eta irtenbideren bat egongo da.

2009-05-20

Euskal Herriko bertsolari txapeldunak

IzenaNongoa?Zenbat aldiz jantzi du bertsolari txapelketa nagusiko txapela?
Iñaki Eizmendi "Basarri"ErrezilBi aldiz
J.Manuel Lujanbio "Txirrita"HernaniBehin
Manuel Olaizola "Uztapide"DebaHirutan
Xabier AmurizaZornotzaBi aldiz
Sebastian LizasoAzpeitiaBehin
Jon LopategiMuxikaBehin
Andoni EgañaZarautzLau aldiz

2009-05-18

Xabi Borda


Gu ta gutarrak taldekoek Xabi Borda izan zuten lagun Azpeitiko Gaztetxean egindako saio batean. Bordak poesiak errezitatu zituen, eta Iturriaga eta Elortzak bertsotan erantzun. Hemen duzue ekitaldian entzundako Bordaren poesia bat:

HITZIK GABE HOBE
Xabi Borda

orain
zutaz baino ezin dezaket idatzi
gauari gerritik heldu
eta dantza egin genuela
irriak pospoloak zirela
eta lastozko erraiak piztu genizkiola elkarri
horrelakoak bakarrik idatzi ditzaket
adibidez honela konta nezake
plazerrari hondartza bat topatu genion
gorputzak gorputzen kontra urratzen diren izkina horretan
nire olatuak zure klitoriaren gainera erortzen ziren
hareak ere dar-dar egiten zuen
hareak ere hasperen
eta egia da
desioak badu hondartza bat
- ni han izan nintzen -
desioak baditu gazteluak ur-ertzean
baditu txalupak kulunkan badu apar zuria
desioak badu gau bat ozeano bat bezalakoa
edo honela konta nezake bestela
plazerra itzalez bildu genuen
etzan ginen oheak izara berdeak zituen
zure arnas itoak kilkerrak isildu zituen
pinuetatik zintzilik zegoen gaua zuloz betetzen hasi zen
nik zure zuloa betetzen nuen
eta egia da
desioak badu oihan bat
- ni han etzan nintzen -
desioak baditu intsektuak hegaka
baditu sastrakak eta arantzak badu belar usaina
desioak badu goiz bat zuhaizpean lo

edo antzeko tontakeriak konta nitzake milaka
baina lagunok
sexuak ez daki lirikaz
ez du metaforen eta irudi ederren beharrik
ez du errimaren beharrik
aski du izerdiarekin
aski azalarekin odolarekin
beraz lagunok
utzi dezagun poesia
utzi dezagun bertsolaritza larrua jo ezin dugunerako

2009-05-17

Ni neu

Hona hemen nik neuk youtubera igo dudan bideoa. Aizarnazabalgo Gazte egunekoa da, aprobetxatuz ikastaro bat eman dudala, nire ikasleetako birekin emanaldi bat prestatu eta jende aurrean abestu genuen, horietako kanta bat Hertzainaken Aitormena izan zen.

2009-05-07

Bertsoa&Jazza















Bertsolaritza berritzeko asmoz, bertsoa eta jazza fusionatzen duen estilo berria sortu dute Bertsoa&Jazza. Jon Maia, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak dira talde honen ahotsa, Unai Elizasuren,Jon Piris, Julen Izarra, Bixente Martinez, Asier Holeaga eta Asier Ituarte musikari lanak egiten dituzten bitartean.

"Lazkao Txiki"

Aurreko sarrera batean, Xalbadorri buruz informazio apur bat jarri nuen, hura garrantzitsua izan zen bertsolaritza munduan, eta bera bezala bertsolari guztiak dira garrantzitsuak. Oraingo honetan, "Lazkao txiki" bertsolariari buruz hitz egingo dut, txikia izanik bertsoaren munduan handia izan zena.
Lazkao Txiki, benetako izenez Joxe Migel Iztueta Kortajarena (Lazkao, 1926ko irailaren 15a - Donostia, 1993ko apirilaren 3a) Gipuzkoa eta Euskal Herri osoko bertsolaririk ezagunenetakoa izan zen.

1926ko irailaren 15ean jaio zen Lazkaomendi auzoko Abaliñe baserrian. Eskolan zortzi urterekin hasi zen. Oso azkar ikasi omen zuen irakurtzen eta idazten. Bertsolariak lehen aldiz bederatzi urterekin ikusi zituen, Zepai eta Uztapide hain zuzen. Izugarri gustatu zitzaion eta orduantxe hasi omen zitzaion bertsotarako zaletasuna pizten.

Umea zela Espainiako Gerra Zibila ezagutu zuen. Soldaduzka egitera Afrikara joan behar izan zuen bi urterako. Arabieraz hamar arte kontatzen behintzat ikasi omen zuen. Lazkao Txiki ezkongabea zen, eta bakardade hori zuen bere minetako bat. 1978an Ahetzen Mattin bertsolariari egindako omenaldian halaxe abestu zuen:

Ez eduki, ez, ni beti pozik
egoten naizen usterik,
ez bai dadukat andregairikan
ez bai daukat emazterik.
Hamaika aldiz egon izan naiz
barrua penaz beterik;
baina nik poza kantatutzen det
tristura neutzat gorderik.

Euskaldunen arteko zatiketak ere min handia ematen zion. Oso naturazalea zen, bereziki txakurren lagun handia. Noizbait txorien abestiak grabatzen ere ikusi omen zuten mendian. Umeak ere gustuko zituen, oso umezalea zen. Ofizio askotan aritu zen bere bizitzan zehar: igeltsero, galdaketako langile, pentsu saltzaile...

Askotan bertso lanarekin aspertuta edo nazkatuta egoten omen zen. 1976an omenaldi bero bat eskaini zitzaion Donostian. Bere jendaurreko azken bertsoa 1993ko urtarrilean kantatu zuen, Santi Onaindiari eta Alfontso Irigoieni egin zitzaien omenaldian. 1993ko apirilaren 3an hil zen Donostiako erietxean, bihotzeko gaixotasun baten ondorioz. Hil aurreko ebakuntzan honela esan omen zion anestesia jarri behar zion medikuari: "Zuk lokartu egingo nauzu, bai, baina gero nork jarriko dit iratzargailua?".


1943an, hamazazpi urterekin kantatu zuen lehen aldiz plazan, Basarri eta Saiburu bertso lagun zituela. Ordutik aurrera ezin konta ahala saiotan parte hartu zuen, bai plazan eta baita txapelketetan ere. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldun (1964, 1965) eta txapeldunordea izan zen (1950, 1962). Euskal Herriko Txapelketan bigarren izan zen 1965ean, Uztapideren atzetik. Basarri, Zepai, Mitxelena, Uztapide, Xalbador, Mattin eta beste hainbatekin kantatu zuen.

Mattin txikiarekin bikotea osatuz, bertso saioei gatza eta piperra jartzen zien. Bertsolaritza zaharreko eskolakoa, umore handikoa eta bizia zen; gai sakonetan ere entzulearengana heltzen abila. Ikasketa handirik gabea bazen ere, gizon azkarra. Txiste kontalari lanetan ere trebea zen. Bertsolari eta pertsona bezala maitatua, bere bizitzan oinarritutako marrazki bizidunak ere egin izan dira telebistan.

Bertso ezagun batzuk

Bertsolaritzari buruzko webquesta















Interneten webquest-ak begiratzen ari nintzela topatu nuen hau, interesgarria iruditu zait eta hemen duzue, espero dut baliagarri izatea.

Blog interesgarri bat















Euskal Herriko ohituretako bat bertsoa dugu, beraz interesgarria iruditu zait blog hau hemen txertatzea. Gure ohituren jabe izan behar dugu, honek nortasuna ematen digulako, Euskaldun egiten gaituena.

2009-05-05

Gu ta gutarrak Ines Osinagaren laguntzaz

Beste sarrera baten esan bezala, "Gu ta gutarrak" taldea ez zen bakarrik egon zenbait eszenatokietan. Hainbat laguntzaile izan zituzten, eta horietako bat Ines Osinaga "Gose" taldeko trikitilari eta ahotsa dugu. Behean duzuen bideoklipa, "Eutsi!" filmerako egin zuten kantaren bideoklipa duzue.

2009-04-29

Xalbadorren olerkia Xabier Amurizaren ahotsean


Ezaguna da Euskaldunon artean "Xalbadorren heriotza" kanta, Xalbador bera bertsolaritzan ere eredu izan da. Horregatik, hemen duzue berari buruzko informazioa eta olerki bat Xabier Amurizak abestua.
Fernando AIRE - XALBADOR
SORTEGUNA : 1920/VI/19
HERRIA : Urepele (Nafarroa-Beherea)
HERIOTZEGUNA : 1976/XI/07
HERRIA :Urepele

OFIZIOA : Artzaina, laboraria
BIZILEKUA : UREPELE (Baxe-Nafarroa)

MOTA : Bat bateko bertsuak, bertsu jarriak

BIOGRAFIA :
Aita Urepelekoa zuen, ama Los Angeles-en sortua eta amaren ama Aurizberrikoa (Nafarroa) zen. Léonie Etxebarrenekin ezkondu zen 1943an. Lau seme-alaba ukan zituzten. Lehen bertsua 16 urtetan bota zuen, Urepeleko ostatu bateko leiho kanpokaldetik barnera buruz. Teodoro Hernandorena medikua hasi baitzen Iparraldean bertsulari gazteak bultzatu nahiz, Donibane Lohizunen zeingehiagoka bat antolatu zuen, eta horrelaxe Xalbadorrek Mattinen ezagutza egin zuen. Geroztik bikotea euskal besta orotara galdegina zen.

Xalbadorrek Donostiako bertsulari txapelketa nagusietan parte hartu zuen.

Odolaren mintzoa bere liburua agertzeko egunean, Euskal Herri osoak bere sorterrian omentzen zuela, Xalbador supituki hil zen.

BERTSU EZAGUNAK :
Besteak beste :

"Herria eta hizkuntza"
"Mendian galdu direneri"
"Esperantzarik gabeko amodioa"

BERTSULARI TXAPELKETAK :
Txapelketa Nagusia 1962 : 3. (Donostia)
Txapelketa Nagusia 1965 : 3. (Donostia)
Txapelketa Nagusia 1967 : 2. (Donostia)
BERTSUPAPER LEHIAKETAK :
Xenpelar saria 1972 : 1. "Sortetxeari"
Xenpelar saria 1973 : 1. "Gure artzain etxolari"
Xenpelar saria 1974 : 1. "Mendian galdu direneri"
Xenpelar saria 1975 : 1. "Ortzirale saindu bateko gogoetak"
Mendaro Txirristaka saria 1974 : 1. "Jainkoa eta ni"
Mendaro Txirristaka saria 1975 : 1. "Pilota euskal jokoa"
Mendaro Txirristaka saria 1976 : 1. "Ene ama zenari"
LIBURU ARGITARATUAK
"Ezin bertzean", 1969
"Odolaren mintzoa", 1976
"Herria gogoan", 1981

2009-04-28

Gu ta gutarrak Gorka Urbizurekin

"Gu ta gutarrak" taldea ez da bakarrik egon bere kontzertuetan, gehienetan talde, bertsolari edo musikariren bat eduki dute gonbidatu. Bideo honetan ikus dezakezuen bezala, Gorka Urbizu (Berri Txarrak taldeko gitarra eta abeslaria) izan zuten laguntzaile Aranguren Ibarreko Mutiloagoitiko kultur etxean.

Gorka Urbizu Iruñean jaio zen, 1977. urteko maiatzaren 31n. Hala ere, beti Lekunberrin bizi izan da (Nafarroa). Musikaren munduan hantxe hasi zen, lehenengo Nahita Nahiez taldean eta geroago Berri Txarrak taldean. Orain talde horretako abeslaria da. Lehenengo taldearekin bi disko grabatu zituen, eta Berri Txarrak-ekin, lau.

7 eskale

Egun hauetan zehar gehiago jakin dugu "Gu ta gutarrak" taldeko partaiderik garrantzitsuenak eta ezagunenak diren Josu Zabala (musikaria), Unai Iturriaga(bertsolaria) eta Igor Elortza (bertsolaria). Hauek "Gu ta gutarrak" proiektuan lan egin aurretik, 1994an beste proiektu bat izan zuten esku artean, "7 eskale" taldea.
"7 eskale" taldeak 94. urtean hasi zuen bere ibilbidea Euskal Herrian zehar erakutsitako pobreziaren gaineko emanaldi batekin. Hasiera batean bi bertsolari -Unai Iturriaga eta Igor Elortza- eta musikari baten -Hertzainakeko Josu Zabala- proiektua zena gerora 7 laguneko talde batean gorpuztu zen. Talde honek bi diska atera zituen.

2009-04-23

Hertzainak taldea

"Biografia"
1981-1982 urteko Gabon Zaharrean estreinatu ziren Hertzainak Gasteizen, Josu (baxua), Tito (saxoa), Kurro (bateria), Gamma (ahotsa), Delfo (gitarra) eta Kike (gitarra) izan ziren hasierako taldeko partaideak.
1982ko udaberrian sendotu zen taldea, eta Josu, Tito, Gamma, Kike eta Txampi (bateria berria) hasi ziren jotzen jaialdi askotxoetan. Uda aldean Gammak, geroago M-ak taldeko abeslaria izango zenak, taldea utzi zuen, Garik bere lekua hartuz. Zuzenean jotzen segitzen zuten bitartean beren lehen maketa prestatu zuten, 1983ko udaberrian IZ estudioetan grabatzeko. "Kamarada", "Pakean utzi arte", "Miren model B" eta abarreko kanta ezagunak sartu zituzten grabaketa horretan; beraiek arduratu ziren salmentaz, eta kopiak segituan agortu zituzten jarraitzaileek. Arabatik kanpora zabaldu zen Hertzainen ospea.
1984ko urtarrilan Arabako rock talderik hoberena hautatu zuten Egin egunkariaren irakurleek. Ordurako "Rock and roll batzokian" eta beste kanta batzuk oso ongi ezagutzen zituen jendeak. Soñua-rekin harremanetan jarri ziren lehen lp-a produzitzeko asmotan. Donostiako Tsunami estudioan grabatu zuten maiatza eta ekaina hilabeteetan. Uztailan kaleratutako diskoa arrakastatsua suertatu zen: 1984. urtean gehien saldu ziren disken artean dago, tabernetan, barraketan eta herriko jaietan etengabe entzuten zelarik. Elkarrizketa batean komentatu zuten: "Potorrada bat da gure diskoa!"
1985eko udan, jaialdi batetik itzultzean, kotxe batek Tito kolpatu zuen; horren ondorioz hilabete batzuk ezer egin gabe pasa behar izan zituen Titok eta laukote bihurtu zen taldea.
1985eko amaieran "Hau dena aldatu nahi nuke" izeneko lp-a grabatzera sartu ziren Tsunami estudioetara. Mota guztietako arazoak zirela medio, bigarren lp hau ez zen lehenbizikoa bezain arrakastatsua suertatuko 1986ko urtarrilan argitaratu zen; edukia ona izanda ere, kritikak eta publikoak ez zuten aintzakotzat hartu. Baina abestiko bi single argitara eman ziren eta lehenbiziko bi mila elepetan single horietako bat sartu zuten opari modura.
Hala eta guztiz, 1986. urtean Hertzainakek arrakasta handia lortu zuen Euskal Herrian zehar egindako jaialdietan; estatuan ere jotzen hasi ziren. 1987an Soñuaren krisialdian erabaki zuten Elkar diskoetxearekin fitxatzea. Estudiorantz motoz zihoala, Garik izandako istripuak atzeratu zuen hirugarren diskoa 1988ko udaberria arte. "Salda badago" lp-arekin Euskal Herriko talde garrantzitsuenetariko bat izatera ailegatu ziren. Suizan, Alemanian eta Irlandan zehar bira egin ondoren, 1988ko bukaeran itzuli ziren Oihukarekin maxi-single bat prestatzera, beren hurrengo lp-a izango zena aitzinduz.
http://www.oihuka.com/taldea.cfm?taldea=HERTZAINAK
Hona hemen aski ezaguna den HERTZAINAK taldearen kanta.
Pakean utzi arte

Unai Iturriaga

Unai Iturriaga Zugaza-Artaza (Durango, Bizkaia, 1974ko ekainaren 28a - ) bertsolari eta idazlea.

Bertsolaritzan, hiru aldiz izan da Bizkaiko txapeldun. Ezagunak izan dira Igor Elortza lagunarekin izandako finalak.

Bertsolari Txapelketa Nagusian lau aldiz izan da finalista, 2005ean txapeldunorde geldituz, Andoni Egañaren atzean.

Musika arloan, Igor Elortza eta Josu Zabalarekin batera "7 Eskale" eta "Gu ta gutarrak" taldeak osatu izan ditu

2009-04-02

Igor Elortza

Biografia

Igor Elortza Aranoa (Durango, Bizkaia, 1975eko abuztuaren 18a - ) bertsolari txapelduna da.
Topografia Ingeniaritzako lizentziaduna den arren, gaur egun sorkuntza arloari emana bizi da, bertsogintzari batik bat. Eskolan hasi zen bertsotan ikasten, Jon Lopategi bertsolariarekin, eta Durangoko Bertso Eskolan jarraitu zuen.
Bizkaian 1990eko hamarkadatik aurrera gertatu zen belaunaldi berritzearen ikurretako bat bihurtu zen. Bertsolari gisa, zenbait esperientzia berritzaile abian jarritakoa da Elortza, bat-bateko bertsoa formatu berrietara eraman nahian: aipagarriena bertso trama da. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide da, eta EHBEren Hedapen Saileko arduradun izan da.
Euskal prentsan iritzi artikuluak ere idatzi izan ditu, eta literatura lanak ere argitaratu izan ditu, gazteentzat batik bat.
Euskal Herriko zenbait musika talderentzako kantuak idatzi ditu, eta abeslari lanetan ere aritu izan da. Bi disko ditu argitaratuak "7 Eskale" taldearekin, eta beste bat"Gu ta gutarrak" taldearekin.

Wikipedia

Igor Elortza eta Unai Iturriaga Barakaldoko finalean

Igor Elortza Bizkaiko azken txapelketako garaile dugu, jada bosgarren aldia da txapela janzten duela. Bertan, bere laguna den Unai Iturriagarekin topo egin zuen eszenatokian. Gozatu honako irudi hauekin!

2009-03-11

"Gu ta gutarrak"en aurkezpentxo bat

Aupa! Gu ta gutarrei buruzko informazio gehiago duzue azken sarrera honetan, bideoetako batean beraien musika eta umorea dastatu dezakezue! Gustatuko zaizuelakoan ona hemen Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek eta Josu Zabalak (hertzainak taldeko kideak) eginiko azken proiektua!
Pena izugarria izan zen 2008ko ekainean talde honen bidea bukatu izana!

Gu ta gutarrak

Berriako elkarrizketa

«Gutako bakoitzaren baitan hamaika gutar bizi da: gutar ameslaria, gutar axolagabea, gutar zintzoa, gutar eszeptikoa, gutar parrandazalea, gutar gaiztoa, gutar politikoa, gutar sexuala...». Gutar horiek guztiak bertso musikatuen bidez kaleratzeko asmoz ekin zioten Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek "Gu ta gutarrak" proiektuari. Josu Zabala Hertzainak taldeko kide ohiak sortu zituen bertso sortei jarri beharreko doinuak, Xanpe eta Aitor Rubiorekin batera.

Aurretik idatzitako bertso musikatuak zein bat-batean inprobisatutako sortak tartekatu dituzte bi bertsolariek. Prozesua oso naturala izan da,Unai Iturriagaren hitzetan: «Idazten jarri ginen, eta esateko genituen gauzak atera ziren, bertso munduari, politikari, harremanei, gauari buruz... Azkenean, gutako edozeinek barnean dituen gutar horiek». «Zer edo zer geureagoa egin nahi genuen, gutako bakoitzaren barruan dauden nortasun desberdinen agerpena ahalbidetzea zen asmoa».

Musika lagun izan dute bertsoek, eta horrek ahalegin berezia eskatu die bertsolariei. Igor Elortzak onartu zuen diferentziarik badagoela: «Ariketa mental desberdina da bertsoak idaztea musikarekin kantatzeko edo bat-batean bertsotan egitea. Burua bi estadioetan kokatzen da, eta emanaldietan batetik bestera salto egingo dugunez, nahiko kostatzen da txip aldaketa hori».

Emanaldi zabalak izan dira, aldakorrak; bakoitza desberdina izan da, bakarra. Hori hartu dute bertsolaritzatik bide honetan: saiotik saiora melodia eta bertso sorta berriak sortzen joan, eta musikariak ere erronka horretara eraman. Gainera, zalantzarik gabe ekitaldi bakoitza desberdin bihurtu duen osagarri bat iragarri dute: emankizun bakoitzean gonbidatu bat izan dute, gutar bat: «Goazen herrien inguruan ezagutzen dugun jendeari luzatu diogu proposamena. Gutarrak mila izan daitezke, aktoreak, musikariak, bertsolariak, marrazkilariak... ez dugu musikara edo bertsora mugatu gura».

ESKALEEN ESKAINTZA BERRIA. Ez da Iturriaga, Elortza eta Zabala elkarlanean aritzen ziren lehenbiziko aldia. Hirurek Zazpi Eskale taldea sortu zuten 1994an, eta lauzpabost urtez ibili ziren bertsoak musikara moldatuz. Alde batetik, hitzak lehentasuna berreskuratu zuen proiektu honetan: «Zazpi Eskaleren asmoa bertsoa musikara eramatea zen, eta oraingoan musika moldatu da bertsoetara. Berriro errora jo nahi dugu, berbari garrantzia eman», zioen Iturriagak.

Hainbat alorretan bertsolariagoa da saioa, beraz. Jakin baitakite ez direla abeslariak, Elortzak dioenez: «Ondo kantatu behar dugu, baina ez dugu zertan munduko interpreterik onenak izan, bertsolariak izaten segitzen dugu eta garrantzia du berbaz esaten dugunak». Antzezpenik ere ez da egon, ez dute eszenografiarik erabili eta formatua txikiagoa izan da, herriz herri ibiltzeko egokiagoa. Eta hori da ekimenaren funtsa: «Igor eta Unai gara, geure ahotik kantatzen».

Musikalitatea ere aldatu egin zen. Abestiak ohiko egituretatik atera eta bertso sorten logikaren arabera egin zituzten doinuak. Tresna aldetik ere emanaldi soilagoak izan dira. Josu Zabalak akordeoia, eta bere alboan izan ditu Aitor Rubio gitarrista eta Xanpe perkusionista.

ERRETIRORIK EZ, GAZTEAGO BAI. Garagardo artean jaio zen Gu ta gutarrak proiektua, 2006ko otsailean. Igor Elortza eta Unai Iturriaga Bizkaiko Bertsolari Txapelketara aurkezteko zalantzatan zeuden, eta aitzakia ezin hobea topatu zuten: bertsotan egiteko beste modu bat, pertsonalagoa, eta txapelketen presio eta lehiarik gabe. «Geure gauzak esateko gogoa genuen. Bertsotan ibiltzean badaude horiek esateko kode eta modu batzuk, baina momentu batean horrek ez zaitu asetzen», zioen Iturriagak.

Baina ez hori bakarrik. Bertsolarien egunerokoak, jaialdiz jaialdi eta txapelketaz txapelketa ibili behar horrek, ez zien euren gauzetarako tarterik uzten, Elortzak azaltzen zuen moduan: «Nor bere proiektuak egiteko astirik ez dago, eta aspalditik geneukan tankera honetan gauzaren bat egiteko gogoa, gure ibilbidea baztertu barik».

Bertsotan beste era batean egiteko nahiari erantzuten zion proiektuak, edo agian bertsotan egiteko premiari, besterik gabe. Izan ere, txapelketetatik urrundu arren, ez zuten erretiroan pentsatu ere egin, Elortzaren esanetan: «Erretiroaren juxtu kontrakoa da hau, gaztetzeko modu bat izan da. Norberak pentsatutako proiektu batean sartzea arrisku eta lan handia izan da eta».

Hitz gutxitan 'Gu ta gutarrak'
Berria egunkaritik harturiko elkarrizketa.

2009-02-19

Kaixo! Hau da nire lehen bloga, bertan Euskal Herriko musikari buruzko informazioa eta iragarkiak izango dituzue! Gauza interesgarriak izango dituzue ikusgai!