Aurreko sarrera batean, Xalbadorri buruz informazio apur bat jarri nuen, hura garrantzitsua izan zen bertsolaritza munduan, eta bera bezala bertsolari guztiak dira garrantzitsuak. Oraingo honetan, "Lazkao txiki" bertsolariari buruz hitz egingo dut, txikia izanik bertsoaren munduan handia izan zena.
Lazkao Txiki, benetako izenez Joxe Migel Iztueta Kortajarena (Lazkao, 1926ko irailaren 15a - Donostia, 1993ko apirilaren 3a) Gipuzkoa eta Euskal Herri osoko bertsolaririk ezagunenetakoa izan zen.
1926ko irailaren 15ean jaio zen Lazkaomendi auzoko Abaliñe baserrian. Eskolan zortzi urterekin hasi zen. Oso azkar ikasi omen zuen irakurtzen eta idazten. Bertsolariak lehen aldiz bederatzi urterekin ikusi zituen, Zepai eta Uztapide hain zuzen. Izugarri gustatu zitzaion eta orduantxe hasi omen zitzaion bertsotarako zaletasuna pizten.
Umea zela Espainiako Gerra Zibila ezagutu zuen. Soldaduzka egitera Afrikara joan behar izan zuen bi urterako. Arabieraz hamar arte kontatzen behintzat ikasi omen zuen. Lazkao Txiki ezkongabea zen, eta bakardade hori zuen bere minetako bat. 1978an Ahetzen Mattin bertsolariari egindako omenaldian halaxe abestu zuen:
Ez eduki, ez, ni beti pozik
egoten naizen usterik,
ez bai dadukat andregairikan
ez bai daukat emazterik.
Hamaika aldiz egon izan naiz
barrua penaz beterik;
baina nik poza kantatutzen det
tristura neutzat gorderik.
Euskaldunen arteko zatiketak ere min handia ematen zion. Oso naturazalea zen, bereziki txakurren lagun handia. Noizbait txorien abestiak grabatzen ere ikusi omen zuten mendian. Umeak ere gustuko zituen, oso umezalea zen. Ofizio askotan aritu zen bere bizitzan zehar: igeltsero, galdaketako langile, pentsu saltzaile...
Askotan bertso lanarekin aspertuta edo nazkatuta egoten omen zen. 1976an omenaldi bero bat eskaini zitzaion Donostian. Bere jendaurreko azken bertsoa 1993ko urtarrilean kantatu zuen, Santi Onaindiari eta Alfontso Irigoieni egin zitzaien omenaldian. 1993ko apirilaren 3an hil zen Donostiako erietxean, bihotzeko gaixotasun baten ondorioz. Hil aurreko ebakuntzan honela esan omen zion anestesia jarri behar zion medikuari: "Zuk lokartu egingo nauzu, bai, baina gero nork jarriko dit iratzargailua?".
1943an, hamazazpi urterekin kantatu zuen lehen aldiz plazan, Basarri eta Saiburu bertso lagun zituela. Ordutik aurrera ezin konta ahala saiotan parte hartu zuen, bai plazan eta baita txapelketetan ere. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldun (1964, 1965) eta txapeldunordea izan zen (1950, 1962). Euskal Herriko Txapelketan bigarren izan zen 1965ean, Uztapideren atzetik. Basarri, Zepai, Mitxelena, Uztapide, Xalbador, Mattin eta beste hainbatekin kantatu zuen.
Mattin txikiarekin bikotea osatuz, bertso saioei gatza eta piperra jartzen zien. Bertsolaritza zaharreko eskolakoa, umore handikoa eta bizia zen; gai sakonetan ere entzulearengana heltzen abila. Ikasketa handirik gabea bazen ere, gizon azkarra. Txiste kontalari lanetan ere trebea zen. Bertsolari eta pertsona bezala maitatua, bere bizitzan oinarritutako marrazki bizidunak ere egin izan dira telebistan.
Bertso ezagun batzuk
Hello world!
Hace 8 años
No hay comentarios:
Publicar un comentario