2009-03-11

Gu ta gutarrak

Berriako elkarrizketa

«Gutako bakoitzaren baitan hamaika gutar bizi da: gutar ameslaria, gutar axolagabea, gutar zintzoa, gutar eszeptikoa, gutar parrandazalea, gutar gaiztoa, gutar politikoa, gutar sexuala...». Gutar horiek guztiak bertso musikatuen bidez kaleratzeko asmoz ekin zioten Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek "Gu ta gutarrak" proiektuari. Josu Zabala Hertzainak taldeko kide ohiak sortu zituen bertso sortei jarri beharreko doinuak, Xanpe eta Aitor Rubiorekin batera.

Aurretik idatzitako bertso musikatuak zein bat-batean inprobisatutako sortak tartekatu dituzte bi bertsolariek. Prozesua oso naturala izan da,Unai Iturriagaren hitzetan: «Idazten jarri ginen, eta esateko genituen gauzak atera ziren, bertso munduari, politikari, harremanei, gauari buruz... Azkenean, gutako edozeinek barnean dituen gutar horiek». «Zer edo zer geureagoa egin nahi genuen, gutako bakoitzaren barruan dauden nortasun desberdinen agerpena ahalbidetzea zen asmoa».

Musika lagun izan dute bertsoek, eta horrek ahalegin berezia eskatu die bertsolariei. Igor Elortzak onartu zuen diferentziarik badagoela: «Ariketa mental desberdina da bertsoak idaztea musikarekin kantatzeko edo bat-batean bertsotan egitea. Burua bi estadioetan kokatzen da, eta emanaldietan batetik bestera salto egingo dugunez, nahiko kostatzen da txip aldaketa hori».

Emanaldi zabalak izan dira, aldakorrak; bakoitza desberdina izan da, bakarra. Hori hartu dute bertsolaritzatik bide honetan: saiotik saiora melodia eta bertso sorta berriak sortzen joan, eta musikariak ere erronka horretara eraman. Gainera, zalantzarik gabe ekitaldi bakoitza desberdin bihurtu duen osagarri bat iragarri dute: emankizun bakoitzean gonbidatu bat izan dute, gutar bat: «Goazen herrien inguruan ezagutzen dugun jendeari luzatu diogu proposamena. Gutarrak mila izan daitezke, aktoreak, musikariak, bertsolariak, marrazkilariak... ez dugu musikara edo bertsora mugatu gura».

ESKALEEN ESKAINTZA BERRIA. Ez da Iturriaga, Elortza eta Zabala elkarlanean aritzen ziren lehenbiziko aldia. Hirurek Zazpi Eskale taldea sortu zuten 1994an, eta lauzpabost urtez ibili ziren bertsoak musikara moldatuz. Alde batetik, hitzak lehentasuna berreskuratu zuen proiektu honetan: «Zazpi Eskaleren asmoa bertsoa musikara eramatea zen, eta oraingoan musika moldatu da bertsoetara. Berriro errora jo nahi dugu, berbari garrantzia eman», zioen Iturriagak.

Hainbat alorretan bertsolariagoa da saioa, beraz. Jakin baitakite ez direla abeslariak, Elortzak dioenez: «Ondo kantatu behar dugu, baina ez dugu zertan munduko interpreterik onenak izan, bertsolariak izaten segitzen dugu eta garrantzia du berbaz esaten dugunak». Antzezpenik ere ez da egon, ez dute eszenografiarik erabili eta formatua txikiagoa izan da, herriz herri ibiltzeko egokiagoa. Eta hori da ekimenaren funtsa: «Igor eta Unai gara, geure ahotik kantatzen».

Musikalitatea ere aldatu egin zen. Abestiak ohiko egituretatik atera eta bertso sorten logikaren arabera egin zituzten doinuak. Tresna aldetik ere emanaldi soilagoak izan dira. Josu Zabalak akordeoia, eta bere alboan izan ditu Aitor Rubio gitarrista eta Xanpe perkusionista.

ERRETIRORIK EZ, GAZTEAGO BAI. Garagardo artean jaio zen Gu ta gutarrak proiektua, 2006ko otsailean. Igor Elortza eta Unai Iturriaga Bizkaiko Bertsolari Txapelketara aurkezteko zalantzatan zeuden, eta aitzakia ezin hobea topatu zuten: bertsotan egiteko beste modu bat, pertsonalagoa, eta txapelketen presio eta lehiarik gabe. «Geure gauzak esateko gogoa genuen. Bertsotan ibiltzean badaude horiek esateko kode eta modu batzuk, baina momentu batean horrek ez zaitu asetzen», zioen Iturriagak.

Baina ez hori bakarrik. Bertsolarien egunerokoak, jaialdiz jaialdi eta txapelketaz txapelketa ibili behar horrek, ez zien euren gauzetarako tarterik uzten, Elortzak azaltzen zuen moduan: «Nor bere proiektuak egiteko astirik ez dago, eta aspalditik geneukan tankera honetan gauzaren bat egiteko gogoa, gure ibilbidea baztertu barik».

Bertsotan beste era batean egiteko nahiari erantzuten zion proiektuak, edo agian bertsotan egiteko premiari, besterik gabe. Izan ere, txapelketetatik urrundu arren, ez zuten erretiroan pentsatu ere egin, Elortzaren esanetan: «Erretiroaren juxtu kontrakoa da hau, gaztetzeko modu bat izan da. Norberak pentsatutako proiektu batean sartzea arrisku eta lan handia izan da eta».

Hitz gutxitan 'Gu ta gutarrak'
Berria egunkaritik harturiko elkarrizketa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario