Mostrando entradas con la etiqueta josu zabala. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta josu zabala. Mostrar todas las entradas

2009-04-28

7 eskale

Egun hauetan zehar gehiago jakin dugu "Gu ta gutarrak" taldeko partaiderik garrantzitsuenak eta ezagunenak diren Josu Zabala (musikaria), Unai Iturriaga(bertsolaria) eta Igor Elortza (bertsolaria). Hauek "Gu ta gutarrak" proiektuan lan egin aurretik, 1994an beste proiektu bat izan zuten esku artean, "7 eskale" taldea.
"7 eskale" taldeak 94. urtean hasi zuen bere ibilbidea Euskal Herrian zehar erakutsitako pobreziaren gaineko emanaldi batekin. Hasiera batean bi bertsolari -Unai Iturriaga eta Igor Elortza- eta musikari baten -Hertzainakeko Josu Zabala- proiektua zena gerora 7 laguneko talde batean gorpuztu zen. Talde honek bi diska atera zituen.

2009-04-23

Hertzainak taldea

"Biografia"
1981-1982 urteko Gabon Zaharrean estreinatu ziren Hertzainak Gasteizen, Josu (baxua), Tito (saxoa), Kurro (bateria), Gamma (ahotsa), Delfo (gitarra) eta Kike (gitarra) izan ziren hasierako taldeko partaideak.
1982ko udaberrian sendotu zen taldea, eta Josu, Tito, Gamma, Kike eta Txampi (bateria berria) hasi ziren jotzen jaialdi askotxoetan. Uda aldean Gammak, geroago M-ak taldeko abeslaria izango zenak, taldea utzi zuen, Garik bere lekua hartuz. Zuzenean jotzen segitzen zuten bitartean beren lehen maketa prestatu zuten, 1983ko udaberrian IZ estudioetan grabatzeko. "Kamarada", "Pakean utzi arte", "Miren model B" eta abarreko kanta ezagunak sartu zituzten grabaketa horretan; beraiek arduratu ziren salmentaz, eta kopiak segituan agortu zituzten jarraitzaileek. Arabatik kanpora zabaldu zen Hertzainen ospea.
1984ko urtarrilan Arabako rock talderik hoberena hautatu zuten Egin egunkariaren irakurleek. Ordurako "Rock and roll batzokian" eta beste kanta batzuk oso ongi ezagutzen zituen jendeak. Soñua-rekin harremanetan jarri ziren lehen lp-a produzitzeko asmotan. Donostiako Tsunami estudioan grabatu zuten maiatza eta ekaina hilabeteetan. Uztailan kaleratutako diskoa arrakastatsua suertatu zen: 1984. urtean gehien saldu ziren disken artean dago, tabernetan, barraketan eta herriko jaietan etengabe entzuten zelarik. Elkarrizketa batean komentatu zuten: "Potorrada bat da gure diskoa!"
1985eko udan, jaialdi batetik itzultzean, kotxe batek Tito kolpatu zuen; horren ondorioz hilabete batzuk ezer egin gabe pasa behar izan zituen Titok eta laukote bihurtu zen taldea.
1985eko amaieran "Hau dena aldatu nahi nuke" izeneko lp-a grabatzera sartu ziren Tsunami estudioetara. Mota guztietako arazoak zirela medio, bigarren lp hau ez zen lehenbizikoa bezain arrakastatsua suertatuko 1986ko urtarrilan argitaratu zen; edukia ona izanda ere, kritikak eta publikoak ez zuten aintzakotzat hartu. Baina abestiko bi single argitara eman ziren eta lehenbiziko bi mila elepetan single horietako bat sartu zuten opari modura.
Hala eta guztiz, 1986. urtean Hertzainakek arrakasta handia lortu zuen Euskal Herrian zehar egindako jaialdietan; estatuan ere jotzen hasi ziren. 1987an Soñuaren krisialdian erabaki zuten Elkar diskoetxearekin fitxatzea. Estudiorantz motoz zihoala, Garik izandako istripuak atzeratu zuen hirugarren diskoa 1988ko udaberria arte. "Salda badago" lp-arekin Euskal Herriko talde garrantzitsuenetariko bat izatera ailegatu ziren. Suizan, Alemanian eta Irlandan zehar bira egin ondoren, 1988ko bukaeran itzuli ziren Oihukarekin maxi-single bat prestatzera, beren hurrengo lp-a izango zena aitzinduz.
http://www.oihuka.com/taldea.cfm?taldea=HERTZAINAK
Hona hemen aski ezaguna den HERTZAINAK taldearen kanta.
Pakean utzi arte

2009-03-11

"Gu ta gutarrak"en aurkezpentxo bat

Aupa! Gu ta gutarrei buruzko informazio gehiago duzue azken sarrera honetan, bideoetako batean beraien musika eta umorea dastatu dezakezue! Gustatuko zaizuelakoan ona hemen Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek eta Josu Zabalak (hertzainak taldeko kideak) eginiko azken proiektua!
Pena izugarria izan zen 2008ko ekainean talde honen bidea bukatu izana!

Gu ta gutarrak

Berriako elkarrizketa

«Gutako bakoitzaren baitan hamaika gutar bizi da: gutar ameslaria, gutar axolagabea, gutar zintzoa, gutar eszeptikoa, gutar parrandazalea, gutar gaiztoa, gutar politikoa, gutar sexuala...». Gutar horiek guztiak bertso musikatuen bidez kaleratzeko asmoz ekin zioten Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek "Gu ta gutarrak" proiektuari. Josu Zabala Hertzainak taldeko kide ohiak sortu zituen bertso sortei jarri beharreko doinuak, Xanpe eta Aitor Rubiorekin batera.

Aurretik idatzitako bertso musikatuak zein bat-batean inprobisatutako sortak tartekatu dituzte bi bertsolariek. Prozesua oso naturala izan da,Unai Iturriagaren hitzetan: «Idazten jarri ginen, eta esateko genituen gauzak atera ziren, bertso munduari, politikari, harremanei, gauari buruz... Azkenean, gutako edozeinek barnean dituen gutar horiek». «Zer edo zer geureagoa egin nahi genuen, gutako bakoitzaren barruan dauden nortasun desberdinen agerpena ahalbidetzea zen asmoa».

Musika lagun izan dute bertsoek, eta horrek ahalegin berezia eskatu die bertsolariei. Igor Elortzak onartu zuen diferentziarik badagoela: «Ariketa mental desberdina da bertsoak idaztea musikarekin kantatzeko edo bat-batean bertsotan egitea. Burua bi estadioetan kokatzen da, eta emanaldietan batetik bestera salto egingo dugunez, nahiko kostatzen da txip aldaketa hori».

Emanaldi zabalak izan dira, aldakorrak; bakoitza desberdina izan da, bakarra. Hori hartu dute bertsolaritzatik bide honetan: saiotik saiora melodia eta bertso sorta berriak sortzen joan, eta musikariak ere erronka horretara eraman. Gainera, zalantzarik gabe ekitaldi bakoitza desberdin bihurtu duen osagarri bat iragarri dute: emankizun bakoitzean gonbidatu bat izan dute, gutar bat: «Goazen herrien inguruan ezagutzen dugun jendeari luzatu diogu proposamena. Gutarrak mila izan daitezke, aktoreak, musikariak, bertsolariak, marrazkilariak... ez dugu musikara edo bertsora mugatu gura».

ESKALEEN ESKAINTZA BERRIA. Ez da Iturriaga, Elortza eta Zabala elkarlanean aritzen ziren lehenbiziko aldia. Hirurek Zazpi Eskale taldea sortu zuten 1994an, eta lauzpabost urtez ibili ziren bertsoak musikara moldatuz. Alde batetik, hitzak lehentasuna berreskuratu zuen proiektu honetan: «Zazpi Eskaleren asmoa bertsoa musikara eramatea zen, eta oraingoan musika moldatu da bertsoetara. Berriro errora jo nahi dugu, berbari garrantzia eman», zioen Iturriagak.

Hainbat alorretan bertsolariagoa da saioa, beraz. Jakin baitakite ez direla abeslariak, Elortzak dioenez: «Ondo kantatu behar dugu, baina ez dugu zertan munduko interpreterik onenak izan, bertsolariak izaten segitzen dugu eta garrantzia du berbaz esaten dugunak». Antzezpenik ere ez da egon, ez dute eszenografiarik erabili eta formatua txikiagoa izan da, herriz herri ibiltzeko egokiagoa. Eta hori da ekimenaren funtsa: «Igor eta Unai gara, geure ahotik kantatzen».

Musikalitatea ere aldatu egin zen. Abestiak ohiko egituretatik atera eta bertso sorten logikaren arabera egin zituzten doinuak. Tresna aldetik ere emanaldi soilagoak izan dira. Josu Zabalak akordeoia, eta bere alboan izan ditu Aitor Rubio gitarrista eta Xanpe perkusionista.

ERRETIRORIK EZ, GAZTEAGO BAI. Garagardo artean jaio zen Gu ta gutarrak proiektua, 2006ko otsailean. Igor Elortza eta Unai Iturriaga Bizkaiko Bertsolari Txapelketara aurkezteko zalantzatan zeuden, eta aitzakia ezin hobea topatu zuten: bertsotan egiteko beste modu bat, pertsonalagoa, eta txapelketen presio eta lehiarik gabe. «Geure gauzak esateko gogoa genuen. Bertsotan ibiltzean badaude horiek esateko kode eta modu batzuk, baina momentu batean horrek ez zaitu asetzen», zioen Iturriagak.

Baina ez hori bakarrik. Bertsolarien egunerokoak, jaialdiz jaialdi eta txapelketaz txapelketa ibili behar horrek, ez zien euren gauzetarako tarterik uzten, Elortzak azaltzen zuen moduan: «Nor bere proiektuak egiteko astirik ez dago, eta aspalditik geneukan tankera honetan gauzaren bat egiteko gogoa, gure ibilbidea baztertu barik».

Bertsotan beste era batean egiteko nahiari erantzuten zion proiektuak, edo agian bertsotan egiteko premiari, besterik gabe. Izan ere, txapelketetatik urrundu arren, ez zuten erretiroan pentsatu ere egin, Elortzaren esanetan: «Erretiroaren juxtu kontrakoa da hau, gaztetzeko modu bat izan da. Norberak pentsatutako proiektu batean sartzea arrisku eta lan handia izan da eta».

Hitz gutxitan 'Gu ta gutarrak'
Berria egunkaritik harturiko elkarrizketa.